lunes, 21 de mayo de 2007

ESKOLEN ARTEKO KONPARAKETA

Hemen dago guztion lana: lan honetan taldeko bakoitzak eskola batean galdetegi bat pasa du eta bertatik zenbait datu eskuratu ditugu. Datu hoerietan oinarrituz, azken lana osatzeko, denen arteko konparaketa.


1.ESKOLA

Laskorain ikastola, Tolosako herrian aurkitzen da, gipuzkoa erdialdean. Ikastola hau nahiko ikastola handitzat har daiteke, bi mila ikasle inguru dituelako matrikulatuta. Bertan Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren hezkuntza eta Batxilergoa ikas daitezke eta horretarako zentro osoa 3 zentrotan banatzen da. Hezkuntza ereduari dagokionez, ikasle orok D ereduan ikasten du.
Eskola honen azterketa egiteko orduan, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzara zuzendu gara, bertan erabiltzen diren teknologiak aztertuz soilik.

GALDERAK



1. Zer nolako garrantzia ematen die zentro honek teknologia berriei?
Zentro honek garrantzi handia ematen die teknologia berriei, helburuetako bat baita umeak tokatzen zaien gizarteari begira prestatzea. Gaur egun, teknologia erabat hedatuta dago gizartean, beraz, derrigorrez irekita egon behar dugu teknologia berriei, horregatik haurrak txiki txikitatik ezartzen ditugu ingurune honetan, pixkanaka hauen erabilera sustatu dadin.

2. Nola lantzen dituzue gela arruntean teknologia berriak?
Lehen Hezkuntzan, gelako ordenagailua tarteka erabiltzeaz gain, astero ordubetez, ikasleak informatika gelara joaten dira informatika lantzera. Horretaz gain Lehen Hezkuntzan ere gela bakoitzean ordenagailu bat dugu.

3. Zein dira arlo honetan eskolak dituen baliabideak?
Eskola aurretik hasita ordenagailu bat aurki dezakegu gela bakoitzean. Honetaz gain, informatika gela bat ere badago hamabost ordenagailurekin. Kainoia ere erabiltzen dute “CREA” programa lantzeko. Kainoi hau irakasleak erabiltzen du. Gela honetan inpresora bat ere aurkitzen da, edozein kasutan zerbait inprimitu nahi bada.
Bestetik irakasleek ordenagailua behar duten kasuan beraien gelakoa erabili ohi dute, edota bestela ordenagailu gelara joan ohi dira. Horretaz gain idazkaritzan bi ordenagailu portatil erosi berriak dituzte edozein kasutan erabiltzeko, baina hala ere aipatzekoa da zenbait irakasle beren ordenagailu propioarekin ere ibiltzen direla. Ordenagailu gelan dagoen inpresoraz gain, idazkaritzan ere beste inpresora bat aurkitzen da, eskolako ordenagailu guztietatik inprimitu daitekeelarik.

CREA progama: Aukera anitza lantzen duen proiektua.

4. Etorkizunari begira baliabide hauek gehitu edo hobetzea pentsatu al duzue?
Etengabe saiatzen gara gure baliabideak hobetzen. Zuzendaritza taldeak hartzen ditu gai honen inguruko erabakiak. Erretiratu beharreko ordenagailuak, baliabide berriak erostea...

5. Zer nolako prestakuntza dute irakasleek arlo honetan?
Irakasleen arlo honetako jakintzak berritzen saiatzen gara, formakuntza ikastaroak egiten dituzte... Adibidez WIT eta WIT 2.

6. Ba al dago prestakuntza berezia duen irakasleren bat? (Baldin badago: gela guztiei ematen al die klase? Ez badago: Ze neurritakoa da tutorearen prestakuntza arlo honetan?)
Bada gure artean arlo honetan oso iaioa den irakasle bat, teknikari gisa lan egiten duena. Ez du informatika klaserik ematen lehen hezkuntzan, baina irakasleak orientatzeaz, arazoak konpontzeaz... arduratzen da.

7. Gainontzeko irakasleek egiten al dituzte arlo honen inguruko ikastaroak?
Bai, esanda bezala, irakasle guztiek jaso dute teknologia berrien inguruko ikastaroren bat.

8. Irakasleen prestakuntza eta ikasleen mailaren artean ba al dago loturarik zuen ustez?
Noski, horregatik irakaslegoa etengabeko formakuntza batean dago murgildua.

9. Astean zenbat ordu eskaintzen dizkiezue gela arruntean?
Ez daukagu zehaztua astean eskaintzen diogun ordu kopurua, izan ere, informatika gelara astean behin ordubetez joaten bagara ere, gelan tarteka ere ordenagailua erabiltzen dugu.

10. Ze adinetan hasten dira haurrak teknologia berriekin harremanetan?
Eskolaurretik hasten dira jada informatikarekin kontaktuan. Bertan, txoko gisa erabiltzen baita ordenadorea.

11. Haur Hezkuntzako umeek zer nolako harremana dute teknologia berriekin?
Haur Hezkuntzan ere ordenagailu bat dago gela bakoitzeko. Hemen ere ordenagailuak txoko papera hartzen du. Haurrek Urtxintxako cd-ak erabiltzen dituzte, kantak entzun...

12. Lehen Hezkuntzan harreman hau areagotu egiten al da?
Bai, pixkanaka-pixkanaka, adinak aurrera egin ahala bere teknologiarekiko harremana areagotu egiten da, eta ikasleak arlo honetan trebatzen joaten dira. Honela zenbait eduki lantzeko ordenagailua erabiltzen da, klasean entretenigarriak izateaz gain edukatiboak izan daitezen.

13. Zein adinekin hasten dira haurrak internet erabiltzen?
Lehen hezkuntzako lehen bi zikloetan internet beti irakaslearen gidaritzapean erabiltzen da. Hirugarren zikloan berriz, haurrak pixkanaka hasten dira bere kabuz sarean murgiltzen informazioa bilatzeko...

14. Zer nolako desberdintasuna aurkitzen duzue hamar urtetik hona?
Izugarrizkoa da, urte batzuen buruan arlo honek jasan duen aldaketa. Garai batean irakaslearen baliabideak liburuetara mugatzen ziren, ikaskuntza liburuetan biltzen zen erabat.
Gaur egun, metodologia asko aldatu da, informazioa biltzeko beste modu berri hauekin. Gainera irakasleak bere klaseak prestatzeko eta materiala biltzeko ere asko erabiltzen dute internet.

15. Etorkizunean teknologiak zer nolako eragina izango du hezkuntzan?

Martxa honetan, teknologiak gero eta garrantzi handiagoa hartuko duela uste dugu, horregatik ezinbestekotzat hartzen dugu teknologia berriak ahalik eta hoberen txertatzea hezkuntzan.

16. Errefortzu bezala erabiltzen al dituzue?
Egia esan, errefortzu bezala ez dira gehiegi erabiltze, pixkanaka geroz eta gehiago jotzen badugu ere zenbait programen bidez arlo ezberdinak lantzera (hizkuntzak...). Baina laguntza gelan eta premia berezia duten haurrekin ez da gehiegi erabiltzen.

17. Ze arlo lantzen dituzue teknologia berriekin? (matematika, gizarte, lengua, euskara...)
Gehien bat Txanela proiektuko cd-ak eta Klik erabiltzen ditugu. Txanela proiktuko materiala globalizatua da. Zortzi unitate didaktiko ditu eta hauek hizkuntzak, gizartea... biltzen dituzte. Klik berriz, matematika lantzeko erabiltzen dugu.



2.ESKOLA

Aukeratu dugun bigarren eskola Gautena da. Gautena Heziketa Bereziko eskola espezializatu bat da, batez ere, autismoa aztergai duena, eta haur autistekin egiten duena lan. Gautena Donostian kokatzen da eta B ereduan ikasten dute bertako ikasleek. Gautenan teknologia berrien erabilera oso ezberdina denez gure galdetegia bertako Zereginen Ikaskuntza Gelara (ZIG) zuzendu dugu.

GALDERAK

1. Zer nolako garrantzia eta erabilera ematen diezue teknologia berriei zentro honetan?
Ba, egia esan garrantzi handia hartzen ari dira teknologia berriak eta hauen erabilera ere gero eta handiagoa da, Zereginen Ikaskuntzako Gelan, behinik behin. Gautenako profesionalek, adibidez, ikasleen programazio indibidualizatuak sortzeko maiz erabiltzen dituzte eta elkarren arteko harremanetarako ere, posta elektronikoa erabiltzen dute.

2. Eta, gelako jarduerari begira, nola lantzen dituzue?
Gure ikasleen premia edo behar bereziak direla eta, hauen erabilerak asko laguntzen du zenbait zailtasunei aurre egiteko: irakurketa eta idazketan, matematikan… Honela, ordenagailuko programa zehatz batzuen bidez lantzen ditugu arlo hauek, gelako lanaren osagarri gisa. Diktaketak egiteko erabiltzen dugu, internet bidez informazioa biltzeko, argazkiak ikusteko… Sari gisa ere erabiltzen dugu, lan bat bukatzean ordenagailua erabiltzen dute musika entzuteko edo jokoetan jolasteko.

3. Beraz, zein arlo lantzen dituzue teknologia berriekin? (matematika, gizarte, gaztelania, euskara...)
-Irakurketa-idazketa.
-Matematika
-Ingurunearen ezagutza.
-Aisialdia.

4. Zein adinetan hasten zarete lantzen eta astean zenbat orduz erabiltzen dituzue teknologia berriak?
Erabilera ikasle bakoitzaren araberakoa izaten da, beren gaitasunen eta beharren araberakoa. Batzuk txikitatik hasten dira, eta beste batzuk, ordea, ez dituzte inoiz erabiltzen. Halere, lantzen den kasuetan saiatzen gara astean pare bat ordu eskaintzen. Baina, orokorrean, Haur Hezkuntzan ez da erabiltzen eta Lehen Hezkuntzan hasten da, pixkanaka-pixkanaka.

5. Eta teknologia berrien inguruko baliabideei dagokienez, zentroa ongi hornituta al dago?
Ordenagailu kopuruari dagokionean, nahikoa ditugula uste dut; guk ematen diegun erabilerarako nahikoa dela esango nuke. Gela bakoitzean ordenagailuren bat izateaz gain, informatika gela ere badaukagu.
Zerbitzu edota programa ezberdinei dagokienez ere, GAUTENANET zerbitzua dugu eta profesional guztion arteko harremanetarako zerbitzu hau erabiltzen dugu. Eta ikasleekin lan egiteko programa berezi ugari: CREENA, PIPO, KLIK, CIVIRALLY, EUROMANUAL, LECTO…

6. Eta etorkizunari begira, zein asmo duzue? Hauek hobetzeko edota gehitzeko asmorik ba al duzue?
GAUTENANET zerbitzua hobetzea eta berritzea espero da, eta erabilera ere handitzea. Halere, ez da hau gure lehentasuna, oraingoz ongi moldatzen baikara horrela.

7. Irakasleen prestakuntza eta formazioa nolakoa da eremu honetan?

Nolabaiteko formazio jasotzen dute. Ikasturtean zehar teknologia berrien inguruko ikastaroak egiten dituzte eta kurtso amaieran hurrengo ikastaroetan ikasi eta landu nahi dutena proposatzen dute, arlo honetan sumatzen dituzten hutsune eta zailtasunei aurre egiteko.

8. Eta gai honetan aditua den irakaslerik ba al duzue?

GAUTENANET zerbitzua aurrera eramateko, sor daitezkeen arazoak konpontzeko eta irakasleen formaziorako informatikan adituak diren langileak baditugu, baina hauek ez dira irakasleak, ez dute zuzenean ikasleekin lan egiten.

9. Duela urte batzuetatik hona desberdintasun handia nabarituko zenuten arlo honetan, ala?
Bai, noski; gizartean orokorrean bezala irakaskuntza-ikaskuntzan izan duten eragina nabarmena da, gehiago edo gutxiago, aldaketa nabari da. Ordenagailuak ditugu gela egonkor guztietan, harremanak ere nolabait azkartu dira posta elektronikoaren bidez, GAUTENANET zerbitzua martxan da… Eta, gainera eragina gero eta handiagoa izango dela uste dut.



3.ESKOLA

Bekobenta eskola publikoa, Markinako herrian kokatzen da, lea-artibain hain zuzen ere. Markina, Bizkaiko herri bat da eta 5.000 biztanle inguru ditu. Ikastetxe honetan D eredua ematen da herri euskalduna baita. Bekobentan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen dira. Informatika gela, denek berdina erabili arren guk galderak lehen hezkuntzako irakasleei egin diegu, nahiz eta haur hezkuntzakoen berri ere eman diguten.

Hauek dira lehen hezkuntzako irakasleei egindako galderak eta beraiek emandako erantzunak:

1. Zer nolako garrantzia ematen die ikastetxe honek teknologia berriei?
Teknologia berrien irakaskuntza oso garrantzitsua dela uste dugu, horregatik irakasle bat dugu arlo honetan haurrei irakasteko eta beste irakasleek edozein momentutan behar duten laguntza emateko. Honela, erabiltzen dituzten teknologiekin eguneratuak egoten ahalegintzen gara.

2. Nola lantzen dituzue gela arruntean teknologia berriak?
Haur Hezkuntzan naiz eta taldeka egin lana eta dena paperean badira ordenagailuan ere egiten dituzten zenbait gauza; esaterako, hizkuntzaren arloa asko lantzen dute ordenadore bidez.

Lehen Hezkuntzan ordea, arlo hauek lantzen dira, hau da, matematika eta hizkuntza gehienbat, nahiz eta marrazkia noizbehinka ere, lantzen duten. Beste alde batetik, informatikaren irakasgaia dago baina hori, ordenagailua erabiltzen ikasteko, beranduago hasten dira eskola honetan.


3. Zein dira arlo honetan eskolak dituen baliabideak?
Ikasleentzat: grabadoreak, eskanerra, proiektorea, inprimigailua, eskolako web orrialdea, eta beste hainbat baliabide.
Irakasleentzat: aurrekoez gain, ordenadore portatilak ere badaude.

4. Etorkizunari begira baliabide hauek gehitu edo hobetzea pentsatu al duzue?
Oraingoz ongi konpontzen gara daudenekin. Nahiko ordenadore ditugu, 20 inguru eta gela bakoitzean 18 ikasletik gora ez daudenez, nahikoa dela iruditzen zait. Gainera, baliabide hauek gehitu edo hobetzea ez dago gure esku.

5. Zer nolako prestakuntza dute irakasleek arlo honetan?
Bekobenta ikastetxeak, beste ikastetxeak lez pentsatzen dugu teknologi berri hauei buruzko ikastaroak jartzen ditu irakasleentzako abian. Honekin, gutxieneko jakituria bat izatea ekartzen digu. Interneten ibiltzeaz gain, power point, photo shop, excel…erabiltzen irakasten digute.

6. Ba al dago prestakuntza berezia duen irakasleren bat?
Bai, irakasgai honetarako irakasle bat dugu informatikan aditua. Bere prestakuntza ona denez berak ematen die gainontzeko irakasleei ere informatikaren barri ikastaroen bidez.

7. Gainontzeko irakasleek egiten al dituzte arlo honen inguruko ikastaroak?
Bai, aurrean esan dudan bezala, ikastaroak egiten dituzte hauek ere.

8. Irakasleen prestakuntza eta ikasleen mailaren artean ba al dago alderik?
Lehen hezkuntzaraino ez dago arazorik. Adin txikikoekin ez dago zertan asko jakin beharrik edota aditua izan beharrik. Hemendik aurrera, lehen hezkuntzan, batez ere, 4, 5 eta 6garren mailetako haurrekin, kontuz ibili beharra dago. Irakasleen prestakuntza handiagotu egin behar da, ikasle batzuk asko dakite teknologi berriei buruz eta horrek arazoak ekarri diezaioke irakasleari, haurrek gehiago jakin bait dezakete.

9. Egunean zenbat ordu egoten dira haurrak, gela arruntean?
Lehen Hezkuntzako ikasleak, lau ordu eta erditik, hiru ordu gelan pasatzen dituzte. Gainontzekoa, musika gelan eta informatika gelan.

10. Zenbat ordu eskaintzen dizkiozue informatika gelari?
Informatika gelan pare bat ordu egiten dugu lan astean zehar. Bi saio ordu betekoak; batzuei larregi egiten zaie astean behin ordu bikoa izatea. Denak ez daude ohituta eta nahiz eta laister dena teknologi berrien inguruan mugitu, apurka hasi behar direla uste dugu eta ez dena batera.

11. Ze adinetan hasten dira haurrak teknologia berriekin harremanetan?
Lehen, orain dela gutxirarte nahiko berandu baina orain jaio orduko. Bi urterekin “ttantto” programa jartzen zaie abesteko eta musika bidez zerbait ikasteko.

12. Haur Hezkuntzako umeek zer nolako harremana dute teknologia berriekin?
Aurretik esan dugun bezala hizkuntza lantzen hasten dira. Erabiltzen dituzten programak: ttantto, xango eta fisher price dira esaterako.

13. Lehen Hezkuntzan harreman hau areagotu egiten al da?
Bai, noski. Beti ere handitzen doazen heinean harreman hori areagotzen doa.


14. Nolako desberdintasunak aurkitzen dituzue orain dela urte batzuetatik hona?
Itzela. Orain arte dena eskuz egiten genuen, boligrafoa eta orri zuri batekin. Gaur egun ordea, boligrafoa zer den ere ia ez dakigu dena eman behar baita ordenadorez eginda.

15. Etorkizunean teknologiak zer nolako eragina izango du hezkuntzan?
Izugarria. Dena izango da teknologia. Urte batzuk pasatzen direnean orain ere hasi dira, etxetik ikasi ahalko da, eskolara etorri beharrik ere ez da egongo. Gainera haur guztiak analfabetoak izango dira, dena ordenadore bidez egin ahal izango baita; laster, dakigunoi ere idazten ahaztu egingo zaigu


16. Haur bereziekin erabiltzen al dituzue ordenadoreak?
Aurretik ahaztu egin zaigu esatea, haur bereziekin erabiltzen dira gehien ordenadoreak. Autismoa duen haur bat dago eskolan eta harekin sari bezala erabiltzen dugu ordenadorea. Berak badaki eginbeharrekoa ongi eginez gero saria duela. Bestalde, mentalki gaixo dauden gainontzeko haurrekin ere asko erabiltzen dira. Gainera, haur hauentzako pultsadore berezi batzuk daude jarrita eta musikarekin asko gozatzen dute. Haur hauek, gogoko izaten dute ordenadorea, nahiz eta bere erabilpenik ez jakin.


4.ESKOLA

Mariaren lagundia ikastetxea Donostian kokatzen da. Nahiko ikasle ditu eta bertan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren hezkuntza eta ZIG ematen dira. Guk ikastetxe arrunten inguruan beste batzuk aukeratu ditugunez, ZIG eskolan zentratu gara. Ikastetxe honetan B eredua ematen da.

1. ZIG-k zer nolako garrantzia ematen diote teknologia berriei?
Egia esan, teknologia berriak nahiko aparte ditugu gure helburuetan ez baitira sartzen. Gure helburua, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak lan mundurako prestatzea da. Hortaz, oinarrizko ezagutzak lantzen saiatzen gara.

2. Nola lantzen dituzue ZIG-n teknologia berriak?

Asteroko egutegian ikasle bakoitzak ordenadorean ibiltzeko ordu jakinak ditu. Gainera, ikasleen maila ez da berdina eta hauen ezagutza ere ez. Horregatik, ordenadoretan egoten diren orduetan gauza berriak ikusi edota ikasteko ez daukagu irakasle berezirik.

3. Zein dira arlo honetan ZIG-k dituen baliabideak?
Bost ordenadore gutxi gora-behera, inpresora, disketeak, grabagailua eta Internet-a esaterako.

4. Etorkizunari begira baliabide hauek gehitu edo hobetzea pentsatu al duzue?

Egia esan pentsatu dugu baina hau ez dago gure esku.

5. Zer nolako prestakuntza duzue arlo honetan?
Urtero ikastetxearen bidez jasotzen ditugun ikastaroak. Ikastaro hauek oso baliagarri egiten zaizkigu.

6. Ba al dago prestakuntza berezia duen irakasleren bat?
Guk baino gehiago dakien bateren bat badago baina ez da prestakuntza haundiegirik behar.

7. Irakasleen prestakuntza eta ikasleen mailaren artean ba al dago loturarik zuen ustez?
Bai, ZIG-n bai.

8. Astean zenbat ordu eskaintzen dizkiezue?
Ikasle batzuei ordu guztiak eskaintzen dizkiegu. Honen zergatia, DBH-ko klaserik ez dutelako da zeren praktikak burutzen ari baitira. Aldiz, beste ikasle batzuei DBH-ko klaseak dituztenei klase ordu gutxiago eskaintzen dizkiegu baina ordu hauek astearen bukaeran 5-6 ordu izaten dira.

9. Zenbat ordu eskaintzen dizkiozue informatika gelari?
ZIG-kook ez dugu informatika gelarik zeren ikasgela barruan baititugu ordenadoreak. Hala eta guztiz ere, informatika gela behar izanez gero ez dago inongo arazorik bertara joan ahal izateko.

10. Ze adinetan hasten dira ikasleak teknologia berriekin harremanetan?
ZIG-n 16 urterekin.

11. Zein adinekin hasten dira ikasleak internet erabiltzen?
Lehen aipatu bezala, 16 urterekin baldin eta aldez aurretik erabili edo ikusi ez badute.

12. Zer nolako desberdintasuna aurkitzen duzue hamar urtetik hona?
Izugarria. Dena da berria eta aldi berean desberdina da zeren orain materialak prestatzeko eta ikasgai batzuk lantzeko aukera eskaintzen duten teknologia berri hauek aukera asko ematen baitute. Lehen dena idatziz egin behar izaten zen.

13. Etorkizunean teknologiak zer nolako eragina izango du hezkuntzan?
Gure ustez indar handiagoa hartzen joango dela baina hori ikusi egin behar.

14. Teknologia berriak errefortzu bezala erabiltzen al dituzue?
Normalean ez zeren asteroko egutegiaren barruan ikasle bakoitzak bere ordutegia egina du.

15. Ze arlo lantzen dituzue ZIG-n teknologia berriekin?
Matematika, ingurunea, gaztelania eta informatika baina basikoa.



4 ESKOLEN KONPARAKETA

Kontuan hartu behar dugu, guk landu ditugun zentroak oso ezberdinak direla, ondorioz, zenbait kasutan galderak moldatu behar izan ditugu. Honek, gure hausnarketa baldintzatzea dakar. Hauek dira orokorrean atera ditugun ondorioak:

Bekobenta eta Laskorainen gela arruntean T.B.en erabilera sortzen diren beharren araberakoa da. Honetaz gain, astero ordu-ordu t´erdi- 2ordu inguruko saioak eskaintzen dizkiete ikasleei informatika gelan.

Aldiz, Gautena eta Z.I.G.en T.B.en erabilera ikasleen gaitasunen baitan dago. Ezberdintasun handiak daude ikasle batzuetatik besteetara. Gutxi gorabehera, esan dezakegu astean bi orduz trebatzen direla gelan bertan (hau da, ez dira informatika gelara joaten).

Gure iritziz, komenigarria litzateke gela arruntaren kasuan ordubete gehitzea oraingo eskaintzari. Hala eta guztiz ere, badakigu, gaur egun ia etxe guztietan dagoela ordenagailu bat, ondorioz, ikasleen arlo honen inguruko jakintzak ikastolak berak eskaintzen dituenak baino gehiago dira haur eta lehen hezkuntzan.

Heziketa Bereziaren kasuan metodologia bera aldatu egiten da, eta ongi deritzogu ikasleen aniztasuna kontuan harturik edukiak moldatzea.

Baliabideei dagokienean, orokorrean, gela berezietan (Gautena eta Z.I.G.en) baliabideak ordenadorea eta zenbait programetara mugatzen dira. Ikastetxe arruntetan berriz, baliabide hauek zabaldu egiten dira, beraz, T.B.en erabilera adinaren arabera egokitzen da. Hau da, adina aurrera doan heinean baliabideak ere gehitu egiten dira.

Bai ikastetxe arruntetan eta bai gela berezietan baliabide egokiak erabiltzen direla pentsatzen dugu, hau da, kasu bakoitzean ikaslearen beharrak asetzen dira.

Guk landu ditugun zentro guztiak irekita daude T.B.n hobekuntzetara edo aurrerakuntzara. Kasu guztietan, erabakia goitik dator, eta eskaintzen zaizkien baliabideen arabera moldatu beharra dute.

Modu batean edo bestean, zentro guztiek jasotzen dute nolabaiteko formazio bat (ikastaroak etab.), gure ustez hau guztiz beharrezkoa da.

Bestalde, ia zentro guztietan aurki dezakegu informatikan aditua den teknikari bat. Teknikari honek ez du klaserik ematen, bere arduren artean arazo teknikoak konpontzea eta irakasleak arlo honetan gidatzea da.

Teknikariaren irudi hau ezinbestekotzat jotzen dugu.

Bai zentroen ustez eta bai gure ustetan, lotura estua dago irakasleen prestakuntza eta ikasleen T.B.en inguruko mailaren artean. Irakaslearen eginbeharretako bat baita bere burua behar bezala prestatzea etengabeko ikaskuntzaren bidez, eta bere ezagupenak era egokian transmititzea motibazioa ahaztu gabe.

Hasiera batean, irakasleen maila ikasleena baino askoz altuagoa izanen da, aldiz, DBH inguruan ezberdintasun hauek gutxituz doaz. Izan ere, garai honetan ikasleen jakintzak arlo honetan asko zabaltzen dira.

Haurrak informatikarekin harremanetan jartzen diren adinaren inguruan, esan behar dugu, bataz beste, eskola arruntetan hiru urterekin hasten direla.

Gela berezietan, esan bezala, gaitasunak ere garrantzia hartzen du harreman honi dagokionean.

Haur Hezkuntzan ordenadorea jolas moduan erabiltzen hasten dira (txoko gisa). Lehen hezkuntzan, txoko eran jarraitzen da, baina harremana pixkanaka areagotuz doa eta gero eta arlo gehiago lantzen dira T.B.en bidez (matematika, ingurunea, hizkuntzak…)

Aldaketa handia nabarmentzen da hamar urtetik hona, T.B.en erabileran. Metodologia erabat aldatu da eta irakaskuntzan T.B.ek ate berri asko irekitzen dituzte. Aldaketa hauek gehituz joango dira. Gainera, gure ustez, liburuek garrantzia galduko dute INTERNET izango delarik informazio iturri nagusiena.

Zenbait kasutan, gela berezietan, T.B.ak errefortzu gisa erabiltzen diren arren (musika entzun, interneten ibiltzeko...) oraindik hau ez da guztiz orokortu. Hala ere, gero eta gehiago erabiliko dela uste dugu.

No hay comentarios: